miércoles, 13 de febrero de 2013

Maite zaitudalako, benetan.




1989ko urtarrilaren 15a.

Gaztea zarenean mundua jango duzula uste duzu. Heldutasunera iristean, ostikadak ematen dizkizu bizitzak eta, denborarekin, zorutik altxatzen ikasten zoaz. Orain, ordea, zaharra eta bakartia zarenean, bidea amaitzear dagoela ohartzen zara. Goibeltasunaren lehen sintomak agertu eta, emeki-emeki, zabaltzen doaz, zure kontrola eduki arte.

Atso gauzaez eta nazkagarria naiz, egoitza honetan egoteko balio baino ez duena. Tristuraren alaba sentitzen nintzen, baina gaur, aurrera ateratzeko gai naizela konturatu naiz.

Orain dela 10 urte, auto-istripua izan nuen herrirako bidean, semea eta biloba lagunkide neuzkala. Ondorioz, gurpildun aulki deseroso eta girringa-kari batean bizi ditut momenturik alai eta ahulenak. Ezin ditut ez oinak ez eskuak mugitu eta ahoa eta begiak dira geratzen zaidan guztia. Hasieran depresio handia sufritu nuen: ez ziren nire ezpainetatik hitzik ateratzen eta begirada galduta neukan. Zorionez, egunak eta hilabeteak aurrera igaro ahala, bizitzaren balio kalkulaezinaz konturatu eta neukanari zukua ateratzen hasi nintzen. Positiboagoa ikusten nuen dena; argitxoa piztu zen tunelaren amaieran. Handik aste batzuetara, begiak, bigarren ahoa ziren niretzat. Hain ondo adierazteko gai nintzen, ezen fitsik esan barik, erosketako zerrenda eskatzen nien bisitan zetozenei, gutxi izan arren. Ondo sentitzen nintzen, baina idatzi ezinak frustrazioa sortarazten zidan. Horrexegatik ikasi nuen idazten berriz ere, begiekin erakutsitako sentimendu guztiak, paper zuri eta tinta beltzean markatuta gera zitezen. Ahoarekin idazten dut bai, baina ez eskuak erabiliko zituen pertsona batek baino astiroago edo okerrago. Zerbaitetarako balio dut.

1989ko urtarrilaren 17a.

Arratseko 5ak dira, eta eguzkiaren galda jasanezina da. Semea etorri zait bisitan eta logela txukuntzen egon da, nik esan gisan. Arestiko argazki batzuk aurkitu dugu. Denok agertzen ginen, biribilketa alaian, kameraren flash kolpearen esperoan. Egun horietan ez zegoen gure arteko ezberdintasunik, batak bestearen arazoak baikenekizkien eta ahalegin guztiak egiten genituen bestea hobeto egon zedin. Pertsona izan nintzen egun haietan berriz ere, baina, alaitasun hura etorri bezain azkar alde egin zuen. Maitasun hura nire aldamenetik lausotu ahala geroz eta hotzago gelditzen hasi naiz; gabonen amaiera, nirea ere bai.

Gaur hainbesteko beharra nuen energi bultzada jaso dut ene bihotzeko semea ikustean. Dotore etorri zait, gorbata eta trajea janzten baitzituen. Trajea grisa zen, eguerdi hodeitsuetako zeru horietakoa bezalakoa eta, gorbata haur jaio berri baten begitxo urdinak bezalakoa. Goitik behera begiratuz gero, pelikuletako aingerua edo zirudien, hain dotore, hain irribarretsu. Ondoko jatetxe batera bazkaltzera gonbidatu nauenean, zur eta lur utzi nau; Markelek ez baitu zerbait esateko edo ospatzeko ez bada gonbidapenik egiten. Hara iristean, nire sorpresarako, biloba aurkitu dut haren emaztearekin. Laurok eseri gara mahai baten inguruan eta bazkaria itxaroten geundela honela hasi zait biloba Hodei:

-Beno, amama, imajinatzen duzunez zerbait kontatu behar dizugu. Egia esanda ez dakit nola hasi . Birramona izango zara, neskato baten birramona.

- Benetan? Hau bai berri hona!! Eta noiz jaioko da?-itaundu diot.

-Maiatzaren azken asterako ezagutuko dugula uste dugu, baina badakizu nolakoak diren haurrak ... batzuetan beranduago, bestetan lehenago eta noizbehinka programatutako egunean datoz mundura.

Nire eskumako eskua hartu du amatxoak eta suabe eta goxo eraman du haren sabelerantz. Zoritxarrez, ez dugu mugimendurik nabaritu eta Hirunek hauxe kontatu dit:

-Txokolatearekin mugitzen da. Nire postrea txokolate tarta edo halako zerbait izango da. Gero saiatuko gara berriro txikitxoa nabaritzen.

Eskerrak eman dizkiot, irribarre zintzo batekin jarraituz ,eta berak ,eskuan utzi dit azken ekografiaren argazkia. Handik gutxira egoitzara bueltatu naiz, oso pozik, zirraratsu, nire birbiloba buruan.

Normalean egunak oso lasaiak dira nire bizitzan ,hain lasaiak ,non aspergarriak eta etsigarriak izaten ohi dira. Baina hori amaitu da, birbiloba jaiotzeko hilabete batzuk falta dira eta berarekin bidearen azken soka lotuko nau: bizitzeko arrazoia gertu dago.



1989ko urtarrilaren 22a.

Agur denari, agur nire ilusio bakarrari, agur denoi. Medikuarenean ibili naiz. Hiru hilabete daramatzat eskuineko bularrean mina jasaten. Markelek ekarri nau kontsultara eta Lopez medikuaren aurpegiak zerbait ez zihoala ondo adierazten zuen. Ebakuntza bat egin beharko didate eskumako bularra kentzeko, infekzio bat baitauka. Negar- malkotan atera naiz, oso urduri. Semeak besarkatu nau eta “dena ondo aterako da, ikusiko duzu” esaldiarekin autorantz abiatu gara. Ni, beldur nintzela esanez, Hirunerekin hitz egin behar nuela esan diot. Markelek harridura aurpegia jarri eta galderarik bota gabe “bihar joateko eskatuko diot” ihardetsi dit. Egun gogorra bai, ea azkar iluntzen duen horietakoa den.

1989ko urtarrilaren 23a.

Gauean idazten nago gaur, leihotik filtratzen den ilargi argipean. Hala ere, horrek ez du garrantzirik.

Hirunerekin hartu dut kafea goizean. 2 orduz aritu gara hizketan geldiunerik gabe eta besteak beste izena erabaki dutela kontatu dit: Aintzane. Nik ordea, eskaera bat egin diot. Ebakuntzari buruzko informazioa eman diot, eta Aintzane ezagutzearen ideia indarra ematen zidala, baina ebakuntza eta nire adina direla medio, ez nengoela nire ametsa betetzeko ziur. Horrexegatik eskatu diot jaio eta gero jaioberriaren argazki bat hilerrian uzteko, mesedez. Hirunek lelokeriarik ez esateko eskatu dit, ez nintzela hain zaharra eta ebakuntza mediku onenen eskuetan zegoela. Begietara begiratu eta beteko zuela izan da erantzuna. Amaitzeko, aho-idazle izandako eguneroko hau ,handi izatean oparitzeko esan diot. Hor amaitu da dena, mundu honetatik orain joanda ere betebehar guztiak prest daude. Itxarotea, itxarotea eta itxarotea, hori falta zait.

1989ko apirilaren 26a.

Ebakuntza eguna ailegatu da. Laster lokartuko naute, minutu batzuk barru. Ez dakit zer gertatuko den ezta zer egingo didaten ere, ez bainuen jakin nahi izan. Momentu honetan, ordea, gustatuko litzaidake, baina berandu da, beranduegi.

Egun batzuk geratzen dira Aintzaneren bisitarako eta badaezpadan, ezagutzen ez badut, zerutik babestuko dudala esatea gustatuko litzaidake.

1989ko maiatzaren 13a.

Pentsatu genuen baino hobeto nago, bular bat falta zait, eskumakoa. Egun gutxi falta dira hainbeste itxarondako egunerako eta ni han egongo naiz, bizi-bizirik. Ezin dut gehiago idatzi nekatuegi bainago.

1989ko maiatzaren 15a.

UZIAN nago berriz ere. Ezan didatenez medikamendu baten erruz nire bizi organoen ehuneko hirurogeik ez du funtzionatzen ondo. Nire gorputzak ez duela onartu jakin dut. Gaur guztiz ahul nago eta logure izugarria daukat. Ezin dut gehiago.

2000ko maiatzaren 15a

Eguneroko jauna, gaur ez zaitu Karmenek idatziko, Aintzane baizik, haren birbilobak. Urteak pasatu dira Karmenek zerutik babesten nauenetik. Hala ere gurekin dagoela sentitzen dut batzuetan. Amak hain ondo deskribatzen du, ezen gurekin dagoela dirudien. Askotan kontatu didate Karmenek ni ezagutzeko zeuzkan gogoak baina medikuntza-errakuntza batengatik ez ninduen ikusi. Pena da inoiz ezagutu ez izatea, baina hala ere beti dago gure artean, ni zeru infinitu eta urdin hartatik babesten. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario