lunes, 11 de febrero de 2013
Azken jauzia.
Hemen nago berriz ere, eta ematen dudan urrats bakoitzarekin, beldurrak, nitaz jabetu dela erakusten dit. Nire hankak dardarka daude eta, egia esanda, ez dakit noiz arte jasango duten neure gorputza. Itsaslabarrean gaude, ur gaziaren usainaren lasaitasunarekin, olatuak arroken kontra jotzen entzunez. Ez nago hau aurrera eramateko seguru, orain dela aste batzuk bezala. Aitzitik, Urbiren ametsa beteko dut eta eskutik emanda ibiliko gara betiko. Bere eskuak nirea dauka hartuta eta, urduritasunaren erruz berotzen hasi dira. Izerdi tantek kilimak sentiarazten dizkidate, une batez zer egingo dudan ahaztarazten.
Buruan daramat grabatuta Urbik eta biok elkar ezagutu genuen eguna. Gau hartan, etxetik ihes egin nuen, gurasoekin kriston eztabaida izan eta gero. Itsaslabarrera joan nintzen, gauaren iluntasunak eta itsasoaren olatuek ni animatzeko. Harritxoak bota nituen uretara eta, noizbehinka, salto bat baino gehiago ematen lortu. Ertz-ertzean eserita nengoen, ia lotan, mutil bat negar egiten entzun nuenean. Burua biratu zuen, eta, negar anpuluak masailetatik irristatzen zeuzkala, neure ondoan etzan zen. Ea ondo zegoen galdetu nion eta bere gurasoekin haserretu zela kontatu zidan. Niri irribarre txikia atera zitzaidan nahigabe eta belarrak kentzeari ekin genion. 15 urte genituen dagoeneko, baina ez dago haur jolasentzat adin-mugarik. Han geratu ginen berbetan nire gurasoak agertu ziren arte. Mugikorraren zenbakia eskatu nion eta handik aurrera ez nuen inoiz ahaztu. Hurrengo eguna elkarrekin pasatu genuen eta nire mutil-laguna bihurtu zen. Emeki-emeki, minutuak igaro ahala, beraz maitemintzen hasi nintzen eta, Urbik neure bihotza lapurtu zidan. Handik bi hilabetetara, nire bizitza bere inguruan biratzen zela konturatu nintzen, Urbi zen neure jaun eta jabe. Txarto nengoenean, bera zen eusten zidan soka eta inork kasurik egiten ez zidanean neure ondoan zegoen.
Dena ondo zihoan, ondoegi, eta okertzen hasi ziren gauzak. Urbiren jarrera aldatu zen, triste zegoen, eta galdetzean: zoaz!!!! – zakar bat oihukatuz nigandik urruntzen zen. Isilean geunden beti, zirrara eskuartetik galduta eta ni, ez nuen neure mutil-laguna ezagutzen: ez zen bera. Dena zen ulertezina, medikuarenean ikusi nuen arte. Zurbil aurkitu nuen, aulkitxo batean eserita, hankak balantzaka zeuzkala. Bere ama zeukan ondoan eta minbiziari irabaziko ziotela entzutean dena ulertu nuen. Arratsalde hartan berarekin hitz egin nuen. Asko haserretu zen eta hiru astetan ez zidan fitsik ere esan. Oso gaizki sentitu nintzen egun horietan baina, ilusioa nigana gerturatu zen itsaslabarrean topatzeko mezua iritsi zitzaidanean.
Orduan ailegatu nintzen eta nire aurrean zutitu zen. Indarrez besarkatu ninduen eta “maite zaitut” hitz parearekin musu goxoa eman zidan masailean. Negarrez, begietara begiratu eta “zurekin betiko” oihukatu zuen. Zur eta lur geratu nintzen. Kantzerraren azken fasean zegoela kontatu zidan eta egun batzuk barru itzaliko zela. Ez zuen nire aldetik erantzunik jaso. “Maite zaitut” esaten jarraitzen zuen eta bat-batean, zer egingo zuen azaldu zidan. Ni berarekin joango nintzela jakinarazi nion.
Gau hartan itsaslabarrera bueltatu ginen. Han geunden berriro, hankak dardarka neuzkala. Eskutik heldu eta ertzera hurbildu ginen. Zergatik galdetu nion eta hura bai erantzun bitxia berea: -Egun gutxi dauzkat eta, hil aurretik, ez dut ospitale batean egon gura. Zu izango zara ikusiko dudan azkena, nire alaitasunaren arrazoia. Horregatik eskatzen dizut nirekin saltatzeko, nirekin joateko, nirekin betiko. Begietara begiratu eta jauzia eman zuen. Ni berarekin nengoen, baina, adorea ezkutatuta zegoelako, lur gainean jarraitu nuen. Urbi, itsaso-uren kontra erortzen entzun nuen, itsasoaren babespean, dagoeneko. Eskumako eskua bihotzera eraman nuen, baina ez zegoen. Urbik berarekin eraman zuen, neure bihotzaren jaun eta jabe, berarekin betiko. Barka nazazu maitea, zure azken desioa ez betetzearren, sentitzen dut.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario