-Ezinezkoa da amama! Nire gogo guztiekin saiatzen ari naiz, baina lorpenik gabe. Ziur al zaude gizakiek hegan egin ahal dutela? Eta hain ziur al zaude nik lortuko dudala?
-Ene bihotzeko printzesa txikia … -amama Rafaelak ezin izan zuen esaldia amaitu, bere bilobak moztu baitzion.
-Ez naiz txikia, amama! Bederatzi urte ditut jada, nire klaseko altuena izateaz aparte -haur txikien harroputz puntu horrekin, Enarak.
-Badakit bihotza, badakit. Aitzitik, nire begientzat, niretzat, beti izango zara txikia. Zu baino askoz aurrerago noa bizitzan, zuk biziko dituzun sentsazio gehiegi bizi ditut, zu baino askoz lehenago itzali beharko nintzateke, edo horrela izan beharko luke … Arrazoi pilo dauzkat zu txiki deitzeko, eta horietako asko badakizkizu. Ez gaitezen eztabaidatzen hasi.
-Ondo da, amama. Hala ere, begira nazazu; ez dut hegorik, ezta korrikalari trebetasunik ere. Inoiz ez dut hegan egingo. Eta ezer ihardetsi baino lehen,jakin ezazu honek ez duela esan nahi negatiboa naizenik, errealista baizik.
-Hara bestea! Jakin al daiteke zer demontre irakasten dizueten eskolan ? Argi dago hainbeste zenbakik, gudek eta filmek ez dakartela ezer onik. Hasieratik hasiko naiz orduan, ez didazu ulertuko bestela.
-Zein gauza arraroak esaten dituzun, amama, entzutea oso gustuko ditudan arren. Ekin kontatzeari nahi duzunean.
-Badakit ez zarela hegaztia, ez duzula hegorik, ez duzula lumarik. Badakit lelokeriak baino ez dizkizuetela kontatzen eskolan, badakit gizakiok hegan egin ahal dugula nik neuk egin nuelako. Gizakiok ez ditugu hegaztiek dituzten laguntza guzti horiek, ez. Beste elementu bat daukagu, baliotsuagoa: bihotza.
-Bihotza? Baina zer dinozu, amama?! Afalosteko pastilla hartu duzu? Ahaztu zaizulakoan nago.
Barrezka hasi zen amama, gogoz barrezka. Ezin liteke egia izan bere biloba hain inuzentea izatea. Enarak ordea, serio jarraitzen zuen, hankak gurutzatuta besaulki handi bigun hartan jesarrita. Ilusioz eta bitxitasunez begiratu zioten elkarri. Mundu berberean bizi ziren biak, baina mundu ezberdina zeukaten eraikita buruan.
-Halaxe da Enara. Bihotza dugu giltza, baina ez era bakarra. Muskulu gorri horrek erabakiko du noiz lurreratu, noiz airea hartu eta noiz biratu. Eta badakizu zer den onena?
-Zer, amama?
-Guk kontrolatzen dugula bera. Gure menpe dago beti, eta horregatik guk erabakitzen dugu hegan egin nahi dugun ala ez.
-Nola?-harriduraz itaundu zion Enarak, bere amamak kontatzen ari zena sinetsi ezinik. Ulertzeko zailegiak ziruditen Rafaelaren ahotik irteten ziren hitz horiek guztiek.
-Ekintzen bitartez, Enara. Milaka promesa egingo dituzu zure bizitzan zehar, eta ez dute ezertarako balioko. Horiek betetzeak edo ez edukiko dute garrantzi osoa. Bihotzak errealitate paralelo batera eramango zaitu, eta zure eskuetan izango duzu mundua kolorezko ipuina bihurtzea, edo erreko zaituen infernua.
-Nik ez dut infernua bizi gura, amama.
-Ez maitia, ez duzu hori biziko, zuk irabaziz gero. Horretarako, bularraren ezkerraldean kokatzen den bigarren burmuina zaindu eta merezi duen tankeran tratatu beharko duzu. Gogora ezazu emango diozuna bueltatuko zaizula, bai onerako, bai txarrerako.
-Baina nola egingo dut hegan bihotzarekin?
-Istant bakoitza gehiago sentitzea lortzen du. Ondorioz, oso ona dena ikaragarri ona bihurtu ahal da. Eta noski, jasanezina dena tortura. Arriskua hor egongo da beti, horregatik da hain goxoa garaipena. Zoritxarrez, zu zeu sartuko zara mundu horretan, eta zu zeu atera. Zuk era batean ikusiko duzu, eta beste guztiek desberdin batzuetan. Bihotzarekin ibiliko zara, baina erabili burua, mesedez.
-Ez dut ulertzen, amama.
-Orain ulertzen al duzu txikiegia zarela? -bere biloba zirikatu nahian.
-Beharbada. Izan liteke. Zuretzat bai -erdi lokarturik, Enarak, begiak nekez irekita mantenduz.
-Gogora ezazu hizketa hau, egunen batean ulertuko duzu eta. Handitzen zarenean hain zuzen, behin eta berriro erortzen zarenean.
-Ez dut fitsik ere ulertu, baina zin degizut ez dela ahanztean geratuko.
Buruarekin baietz adierazi zuen amama Rafaelak harrotasunez. Segidan altxatu zen, eta bere esku zaharrek, jakintsuek, Enara txikiaren aurpegia ferekatu zuten.
-Goazen ohera.
-Hori bai ulertu dut, amama -irribarretsu Enarak amama besarkatu zuen.